Abesti asko belaunaldiz-belaunaldi iritsi dira gugaino, eta kantatzen ditugun arren, maiz ez dugu ezagutzen atzean daukaten historia odoltsua. Podcast honetan errealitatea eta fikzio dosiak nahastuta, gure herrietan gertatutako hainbat krimenen berri ematera gatoz.
XIX. mende hasieran milaka eta milaka erromesek zeharkatzen dute Euskal Herria Donejakue bidea egiten. Konpostelara iristeko hamaika oztopo saihestu behar dituzte erromesek: mendi garaiak, animalia basatiak… eta bidelapurrak. 1809. urtean bidaiariei ikara berezia eragiten dien puntu bat sortu da: Belateko mendatea. Irun edo Orreaga aldetik Iruñera iritsi nahi duen orok igaro behar du, eta, gaur-gaurkoz, gehiengoak bere dirua galdutzat eman dezake; hori, kasu onenean… askok bizia bera ere galtzen baitute bidean.
Arratiako txekorra, txikerra baino gogorra. Halakoxea da Antton Zamakola, karlistek gerra bat galdu ondoren eta liberalek beste bat irabazi baino lehen Diman jaioa. Zortzi bat urte dauzka. Muturra eta eskuak beltzak, ukalondoak eta belaunak urratuta, eguna kale eta basoetan gora eta behera igarotzen du, bera bezalako beste hamaika txekorrekin. Nahi adina txekor egon daitezke talde batean, baina ez da komeni izaten oilategi berean bi oilar izatea… Zertan ari haiz gora begira, Antton? E? Zer? Ea zertan ari haizen gora begira. Adarrak. Artearen adarrak oso sendoak izaten dituk… Duela gutxi entzun nioan nola esaten zion amak bere lagun bati bat baino gehiago urkatu dutela hemen. Zer diok baina? ...
Martina, Arantxa eta Imanol afaltzera elkartu dira, Martinaren etxean, Korosagasti baserritik gertu. Duela 90 urte baino gehiago gertatutakoaz hizketan hasi dira, baina ez dira ados jartzen, eta bakoitzak bere bertsioa kontatuko du. Behintzat ados daude abiapuntuari dagokionean: "1926ko azaroaren 14a da. Jazinta Odriozola Tolosan bizi da neskame, eta Zeru-Txiki tabernan aritzen da zerbitzari. Igandetan jai ematen diote, eta beti bezala, bere familiaren etxera abiatu da, Beizamako Korosagasti baserrira, eguna amarekin eta ahizparekin pasatzeko asmoz. Ez da horrela izango... inoiz ez."
1801ean Joxe Larrañaga Juaristi izeneko haur bat jaio zen Mendaroko baserri batean. Inork ez zuen susmatzen orduan mundura etorri berri zen gisaseme hark 14 heriotza eragingo zituenik azken hatsa eman aurretik... Harpidetu zure audio plataforman!
XV. mendean Euskal Herria anai-arreben arteko gerra batean itota zebilen: agramondarren eta beaumontarren artekoa. Baita Zuberoan ere. Baxenafarroko zenbait familiak botere handia zuten Donibane Garazin eta Baionan, eta Luxe eta Beaumont leinuen aliantzari esker beste plaza bat eskuratu zuten: Maulekoa. 1440. urtean Luis II. Beaumontekoa izendatu zuten Mauleko gazteluzain... Larraineko Erramun Bereterretx zaldun agramondarraren kalterako. Oraindik ere bere heriotzaren inguruan jarraitzen dugu abesten. Harpidetu zure audio plataforman!
Gipuzkoan garroteaz heriotzera kondenatu zuten azken gizasemearen istorioa kontatzen du honako kapituluak. Azpeitiko plazan akabatu zuten Joxe Tejeria, bere emaztearen eta alabaren aurrean. Juan Mari Zubizarreta, Azkoitiko Etxeberritxo baserrian jaiotako bertsolaria ere bertan zen. Eta gizon haren desgraziaz bertsoak idatzi zituen, gaurdaino iritsi zaizkigunak, eta Rafa Ruedak bikainki abestu dituenak kapitulu hontarako espreski. Aiako Muatze baserrian gertatu zen dena, eta herrian zauri sakona utzi zuen, gaur ere irauten duena. Heriotzak uzten duen lorratzari segi eta kaskoak jarri orduko oraintxe bertan kontatuko dizuguna. Harpidetu zure audio plataforman!
Martin Larralde ezaguna egin da Euskal Herrian. Lehenik, gertatu zitzaionaren inguruko bertso jarriek bizirik iraun dutelako; jarraian, Piarres Lartzabal (https://eu.wikipedia.org/wiki/Piarres_Lartzabal) ek berari buruzko antzezlan bat idatzi zuelako, "Bordaxuri"; segidan Pantxoa eta Peiok bertso horiek abestu dituztelako; eta baita ere Joseba Sarrionandiaren lumatik eta Ruper Ordorikaren eztarritik entzun dugulako bere izena. Azkeneko hau besterik entzun ez duten askok ez dakite Plumaieneko premuaren historia latza. Kredituak: Ekoizpena: ZuZeu Podcast, Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea Zuzendaritza eta gidoia: Beñat Hach Embarek Edizioa eta soinu diseinua: Iñigo Etxarri eta IN estudioa Bikoizketa zuzendaria: Xabier Alkiza Abestia: Pantxoa eta Peio Ahotsak: Arrate Hernandez Joseba Sacristan Nagore Irizar Mikel Garmendia Ramon Zalakain Iker Bengoetxea Mikel Fernandez Iñaki Beraetxe Aner Narbaez Beñat Hach Embarek Arantxa Moñus Klara Badiola Kiko Jauregi
Gure herriko gaizkileak hilezkorrak dira. Abesten ditugun kantuetan gordeta biziraun dute urte luzeetan zehar. Hasier Etxeberriak, horretaz jabetuta, artikulu serie bat hasi zuen duela ez asko. Orain podcast bihurtu ditugu, Bikoiztaile Euskaldunen Elkartearekin elkarlanean. Kapitulu bakoitzean krimen bat, gaizkile bat, ezagutuko duzu, eta berau gordetzen duen abestia. Mikel Laboak ezagun egin zuten 'Goizuetan' abestiaren atzean ezkutatzen den krimena kontatzen du lehen kapitulu honek. Berdabio lapurraren eta Trabuko traidorearen artekoa alegia. Harpidetu! Kredituak: Ekoizpena: ZuZeu Podcast, Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea Zuzendaritza eta gidoia: Beñat Hach Embarek Edizioa eta soinu diseinua: Iñigo Etxarri eta IN estudioa Bikoizketa zuzendaria: Xabier Alkiza Abestia: Joseba Irazoki Ahotsak: Arrate Hernandez Joseba Sacristan Nagore Irizar Mikel Garmendia Ramon Zalakain Iker Bengoetxea Mikel Fernandez Xabier Alkiza Aintzane Krujeiras Iñaki Beraetxe Aner Narbaez
ZuZeu Podcast bueltan da! Eta Bipareta, 10 minututan eta Barruan Gaude saioez gain, Euskal Gaizkileak Seriea estrenatuko dugu. Entzun pilotua! Euskal Gaizkileak Seriea (Beñat Hach Embarek) ZuZeu Podcastek eta Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteak aurkezten dute Euskal Gaizkileak seriea. Beñat Hach Embarekek zuzendutako saio honen kapitulu bakoitzean Euskal Herriko gaizkile doilorrenak ezagutuko dituzu. 10 Minututan (Maite Goñi) Hezkuntza eta Teknologia eskutik doaz Maite Goñik zuzentzen duen saioan. Eguneroko arazo eta zalantzei erantzuna topatuko diegu. Bipareta (Arrate Hernandez) Gizarte gaiek bi aurpegi gutxienez izaten dituzte. Erreportaje saio honetan txanponaren bi aldeak agerian utziko ditu Arrate Hernandezek. Barruan Gaude (Oier Aranzabal) Elkarrizketa podcasta, baina zeozer gehiago. Oier Aranzabalen eskutik, pertsonaien etxeetara sartuko gara grabagailua eskuan. Etxeetako sotoraino. Adi zure podcast plataformari!