Badok ataria lemazain duela, euskal musikari begiratua ematen dio Dunbala ’podcast’-ak, Eneritz Furyak eta Jagoba Salvadorren gidaritzapean. Batzuetan azken argitalpenen eta kontzertuen amuari kosk egin eta gaur-gaurko albisteei irakurraldi berri bat eman, eta bestetan, euskal musikaren DNA osatu duten riff, lelo, irudi eta melodien bidez, iragana da gogora dakarrena. Itsaso zabal horretako doinu ezagun gogoangarriek eta oraindik ezezagun eta berri zaizkigunek gidatuko dute saioa.
Esnatu da eguna Arberatze-Zilhekoan. Iritsi da igandea, iritsi da EHZ24-ko agur eguna. Jagoba Salvadorrek eta Jaione Dragdommerrek gaurkoak zer eman dezakeen azaldu dute Dunbala berezi honetan.
Eguraldi txarrari aurpegi ona EHZn. Dunbala-ko lagunek gaurko egunaren programazioa aletu dute.
Gordintasuna eta emozioa ederki nahastu ditu Bananas taldeak 'Errekak Nola' lanean. Bertako kantuei buruz aritu gara, besteak beste, Itzal Uranga taldekidearekin.
Lehen aldiz Dunbala zuzenean eta publikoarekin grabatutako solasaldi-kontzertu akustiko batekin osatu dugu. Korrika Kulturalaren harira, Donostiako Herenegun taldearekin izan ginen Antigua auzoko Txirain elkartean, eta haien abestiak formatu biluziagoan entzuteko aukera izan genuen.
Pelax taldeak lan berria kaleratu du, eta proiektua hasi zuen Unai Pelayo gonbidatu dugu honen nondik norakoak ezagutzeko. 'Esan gabe doa' diskoan garapen musikal luzeak alde batera utzi eta abesti zuzenagoak sortu dituzte. Gertakari bitxi bat ere izan du elkarrizketak, kasualitate horietako bat, edo ez.
Denboraldi berriko lehen bi gonbidatuak izan dira Julen Azkona eta Gorka Gabilondo, Neu Troia proiektuko kideetako bi. Arriskuaren xarma izeneko lan berria atera berri dute, eta horixe izan da haiekin solasean aritzeko aitzakia. Instrospekzioa, psikodelia eta popa dira haien bidaia musikalaren oinarriak.
Dagoeneko 2024aren ia bi hilabete joan zaizkigu, eta saio honetan urte hasiera honek ekarri dizkigun hainbat kanta nabarmendu ditugu. Ez da Gorka Urbizu izan nobedade bakarra; oraingoan Anari, Libe, Cccorrosion, Verde Prato eta Bronquio, Monsieur Lecrêpe eta Eneritz Furyak izan ditugu hizpide.
Badokeko 2023ko disko kuttunen zerrenda guztiak webgunean dira jada! Saio honetan izen entzutetsuenetatik ihes egin dugu, askorentzat oharkabean pasa diren beste batzuk deskubritzeko.
Errepaso modukoa eman diogi iazko diskoen uztari Andoni Tolosa 'Morau' musikari eta kritikaria eta Jaione Dagdrommer 'Gaztezulo' aldizkariko kazetaria bidelagun hartuta.
Hemen da Dunbala podcastaren denboraldi berria! Itzulera honetan 59. Durangoko Azokan musikak eskaini digunari egindako hainbat begirada bildu dituzte Ihintza Orbegozo eta Jagoba Salvadorrek. Horretarako, sortzaile, disketxe eta publikoaren partaidetza izan dute, giroaz, formatu fisikoaren balioaz, zuzenekoez, gomedioez eta abar aritzeko.
Iritsi da EHZ festibalaren hirugarren eta azken eguna ere; igandeak dakarrena aletu dute Eneritz Furyakek eta Jagoba Salvadorrek 'Dunbala'-ren bigarren pilula honetan.
EHZ musika jaialdiaren bigarren eguna da gaurkoa; larunbatak dakarren egitaraua xehetu dute Eneritz Furyakek eta Jagoba Salvadorrek 'Dunbala'-ren podcst pilula honetan.
Urte asko egin ditu Joseina Etxeberriak (Ataun, Gipuzkoa, 1968) Gaztea irratian esatari modura. Egun Euskadi Irratiko 'Kontu Kantari' saioa aurkezten du egunero. aAren ibili luzeaz egin diogu elkarrizketa .
'Baiona zikina' diskoa kaleratu berri du hardcore punk talde lapurtarrak. Txomin Urriza da taldeko gitarra jpotzailea elkarrizketatu dugu, diskoaren nondik norakoen berri eman dezan. Tooth eta Aho Zakil Konexion ere aipatru ditugu, abesti banarekin.
Ekainaren 3an egingo dute MEFSST Musika Errebolta Feminista jaialdia Zarauzko Hiruputzu gaztetxean, Putzuzuloren ondorengoan (Gipuzkoa). Seigarren aldia izango du, sei urteko eten baten ondoren. Jone Azkuaga eta Gatxi Eizagirre, antolatzaileetako bi, proiektuaren oinarrizko asmoez, orain arteko ibilbideaz eta aurtengo egitarauaz aritu dira saio honetan.
Ez da erraza Urtzi Izak zer egiten duen zerrendatzea. «Musikan nabil», esan du 'Dunbala' saioan egindako elkarrizketan. Musikaria da, eta Otoi proiektuan murgilduta dabil azken boladan; aurretik, Enkore eta Empty Files taldeetan aritu izan da, besteak beste. Teknikaria eta ekoizlea ere bada, eta Bilboko Eten espazio sonoroa baliatzen du bere lanerako. Haren lanean sakontzeko baliatu dute aukera.
Tatxers hirukoteak bere lehenengo disko luzea argitaratu berri du, aurreko lanekin zale ugari bildu ondoren. Martin Ziriza gitarristak azaldu du zer ezaugarri dituen diskoak, eta nola abiatu diren beste soinu baten bila.
Bai, ongi irakurri duzu: tri-kla-tu-a. Izan hori jarri dio Xabier Malbadik berak sortu duen gailuari. Trikiti moduko bat da, baina hausporik ez duena eta ordenagailuari konektatzen zaiona. Tresna horri buruz hitz egin du saioan Malbadi trikitilari eta ingeniariak: nola sortu duen eta zer erabilera izan dezakeen kontatu du.
«Mugako» proiektu bat Nokodek: nahasten dituzte diziplinak, hizkuntzak, artistak eta publikoa... Bideo eta musika sormen jaialdi bat da, eta apirilaren 1ean egingo dute aurten, Hendaiako Borderline fabrikan (Lapurdi). Boladan dagoen adimen artifizialak toki nabarmena hartuko du, Ander Fernandez antolakuntzako kideak Dunbalan azaldu duenez.
Twitterren ibiltzen baldi bazara, agian ikusiko zenuen Izkander Fernandezek galdetegi berezi batzuk egiten dituela hainbat urtetako diskorik onenak zein izan diren hautatzeko. 'Top' zerrenda horietan ageri diren lan ezagunez, ezusteez eta joerez aritu da 'Dunbala' podcastean.
Ez da erraza izenburuko galderari erantzutea, baina Eneritz Furyakek eta Jagoba Salvadorrek badituzte urteak ekarriko duenari buruzko aurreikuspen batzuk. Orain arte ezagututako aurrerapenen bidetik, proposamen berri batzuez aritu dira; zerrenda «nahiko gaztea» osatu dute, azkenerako.
Gauza askori buruz hitz egiteko aukera eman die aste honetako gonbidatuak Jagoba Salvadorri eta Eneritz Furyaki: Haritz Harregi teknikaria ekarri dute 'Dunbala' podcastera. Haren ibilbideari buruz jardun dute. Musikari aritu da zenbait taldetan; besteak beste, Sen pop-rock taldea sortu zuen 1999an, eta Delirium Tremensekin biran dabil orain. Gainera, musika estudio bat ere badu, eta teknikari aritzen da bertan zein zuzeneko emanaldietan.
Olaia Inziartek bere estreinako diskoa atera du: 'Lehengo lepotikan burua'. Hari buruz hitz egin du Jagoba Salvador eta Eneritz Furyakekin.
2023ko lehen saioan, Tibalt Alberdi elkarrizketatu dute Jagoba Salvadorrek eta Eneritz Furyakek. 'Gitarra euskaraz' eduki sortzailea da Twitchen eta Youtuben, eta bere proiektuaren eta berri eman du. Urteko lanik gogokoenen zerrenden harira, iazko zenbait kanta ere izan dituzte hizpide.
Durangoko Azokaren 'olatua' pasatuta, hari begira jarri dira berriro Eneritz Furyak eta Jagoba Salvador, beste sosegu batekin, aurtengoak ekarri duenaren balantze bat egiteko. Horretarako hitz egin dute Andres Kamio 'Jitu' Elkarreko musika arduradunarekin, Maite Larburu musikari eta Zart kolektiboko kidearekin eta Mikel Amundarain Oso Polita diskoetxeko kidearekin.
Eneritz Furyakek eta Jagoba Salvadorrek idazleek idatzitako hitzak dituzten kantuen zerrenda bat egin dute saioan, aurten kaleratu diren eta Durangoko Azokan egon diren diskoekin. Honako musikari hauek aipatu dituzte: Eñaut Elorrieta, Ines Osinaga, Anonyme Popular, Neomak, Niña Coyote eta Chico Tornado, Txost! eta Don Inorrez.
Oraingoan ere Bizkairari begiratu diote Jagoba Salvadorrek eta Eneritz Furyakek. Maria Rivero elkarrizketatu dute, joan den astean egin zuten BEST Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketari buruz. Biltzeko beharra zutela nabarmendu du Riverok, eta uste du topaketak islatu zuela kontzientzia hartzearen «iraultza». Gainontzean, berritasunek ere badute beren tokia podcastean: Akaleia, Myotones, D'Capricho eta Ane Zugaza musikarien lanek, hain zuzen.
Bilboko Espora espazioa ezagutzen? 'Entzungunea' deitzen diote haiek. Mikel Vega eta Ibon RG kideek azaldu dute zer den: Larraskituk utzitako hutsunearen gainean sortu dute, entzute aktiboa lantzeko asmoz. Proiektuaren atzeko gogoetez eta datozen asteetako programazioaz aritu dira hizketan.
Balio Dute kolektiboak Kutixik jaialdia antolatu du Donostian azaroaren 5erako, «tokiko eszena» sustatzeko asmoz. Sei talde eta bakarlari ariko dira: Gilda, Joseba B. Lenoir, Lumi, Mihise, Muare eta Neu Troia. Beñat Urteagak kontatu ditu xehetasunak, Mihise taldeko eta Balio Dute kolektiboko kideak. Bestalde, Durangoko Azokako Ahotsenean ariko diren talde batzuen berritasunak errepasatu dituzte saioan.
Julen Basterraren 'Jardun4ldi' lana hartu dute hizpide Jagoba Salvadorrek eta Eneritz Furyakek: gitarra klasikoarekin grabatutako disko bat da, laborantzan inspiratutakoa. Solasaldi luze batean aletu dituzte lan berezi horri buruzko xehetasunak. Horrez gain, Lvnerren, Haraten eta Goxua'n Saltsaren berritasunak ere errepasatu dituzte.
Udako etenaldiaren ondoren bueltan da Jagoba Salvador eta Eneritz Furyak-ek gidatzen duten saioa. Atal honetan Bazka taldeko Erik Berganza izan dute gonbidatu. Izan ere, ekainean lehen diskoa plazaratu zuen Estricalla taldeko kideek eta Galder Izagirrek (Dut, Kuraia, Berri Txarrak) osaturiko banda berriak, eta urrian kontzertuak ematen hasiko da. Horrez gain, Orbel eta Txopet taldeak ere hizpide izan dituzte, besteak beste.
"Bezperen dirdira" diskoa kaleratu zuenetik Lumi taldea elkarrizketatzeko abagunearen zain egon dira Jagoba Salvador eta Eneritz Furyak, biziki interesgarria iruditu baitzaie Ziburuko bikoteak grabatu duen bigarren lan luzea. Hortaz, Nahia Zubeldia eta Manu Mathys taldekideekin solasaldi luze eta mamitsua izan dute ikasturte honetako azken atalean. Horrez gain, argitaratu berri den Mikel Laboa eta Artze anaien "Ikimilikiliklik" ikuskizunaren zuzeneko grabazioa hizpide izan dute.
Tolosako Bonberenea gune autogestionatuaren baitan sorturiko Bonberenea Ekintzak zigiluak 20 urte egin ditu. Bi hamarkada horietan ehundik gora disko argitaratu ditu eta plataforma garrantzitsua bilakatu da euskal diskogintzan. Urtemuga ospatzeko 14 talde bildu dituen jaialdi handia antolatu du eta horretaz guztiaz hitz egiteko Patxi Muñoa Bonbereneako kidea gonbidatu dute. Horrez gain, MICE, Gilda, Bonberenea Txaranga eta Kuraiaren kantu bana entzuteko parada izan da.
Hilaren hasieran kaleratu du Habi taldeak lan berria, 'Helmuga'. Lau kantuz osaturiko EPa da, Elkar diskoetxeak biniloan argitaratua, eta dagoeneko kontzertuetan aurkezten ari direna. Horretaz hitz egiteko Yeray Gascon abeslari eta gitarrista elkarrizketatu dute atal honetan, eta ohi bezala, saioaren amaieran kantu bat aholkatzeko eskatu diote. Horrez gain, Bihar eta Birkit-en abesti bana entzun eta hizpide hartu dute Jagoba Salvador eta Eneritz Furyakek.
Aste honetako albiste nagusietako bat izan da Ødei rap abeslariaren bakarkako lehen diskoaren argitalpena. 2zio taldeko kide ohiak bere lanaren gaineko ardura osoa hartu du 'Terapia' izeneko diskoan, hala abestien konposizioarena nola ekoizpenarena. Horretaz mintzatu da luze eta zabal Jagoba Salvador eta Eneritz Furyakekin. Horrez gain, Maraca Diabloren disko berria eta Zazkel taldearen agurra aipagai izan dituzte.
Apirilaren 1ean kaleratu zuen Peru Galbetek bere lan berria. "Beiratu" du izenburu, eta hitz joko bat planteatzen du begiratzearen eta zerbait beira bihurtu eta distira ematearen artean. Bakarkako lana da Galbeterena baina disko honetan inoiz baino musikari gehiagoren laguntza izan du. Horretaz guztiaz mintzatu da Jagoba Salvador eta Eneritz Furyak-ekin, eta gaineran Idoia Hernandez 'Hatxe' musikariaren pieza berezi bat aholkatu digu.
Badira sei urte Eñaut Marti Zinkunegi oriotarra Shanghai hirira joan zenetik ikasketak amaitzera eta geroztik musikari gisa ibilbidea garatzen ari da Txinan. Shanghai Qiutian taldearekin profesionalizazioaren bidea hartu berri du eta Txinako musika eszenaren barru-barruko ezagutza du Giranice taldeko kide ohiak. Hango esperientziaren berri eman digu saio honetan.
Musika eta irudien arteko harremanaz aritu dira saio honetan, eta zehazkiago zuzeneko emanaldietan irudiak jartzen aritzen direnen zereginaz. Horretan iaioak diren Maialen Belaustegi (Testura, Olor....) eta Jokin Guridi (Eyharts, Telmo Trenor) elkarrizketatu dituzte Jagoba Salvador eta Eneritz Furyakek. Horrez gain, Benizze proiektu berriaren lehen abestia entzun ahal izan dugu.
Aste honetan abiatu da Bilboko Loraldia jaialdiaren ekitaldi berria. Euskarazko sorkuntzaren hainbat disziplinatako sormen lanak erakutsiko ditu martxoaren 27a bitartean. Amaia Ocerin jaialdiko komunikazio arduradunak festibalaren filosofia eta aurtengo egitarauaren xehetasun guztiak azaldu dizkigu. Horrez gain, Sofa, Maddi Oihenart, Ruper Ordorika eta Sortaldekoak entzuteko aukera izan dugu.
Urte hasieran argitaratutako lanik nabarmenenetako bat da Vulk taldearen "Vulk ez da" diskoa. Bilboko laukoteak euskaraz osorik grabatzen duen lehen lana da, eta Euskal Herritik kanpo ere oihartzun handia izaten ari da, Madril eta Bartzelonako kontzertuetan izandako harrerak erakusten duenez. Diskoaz hitz egiteko Jangitz Larrañaga bateria jolea elkarrizketatu dute, eta hark aukeratutako Borrokan taldearen abesti bat ere entzun ahal izan dugu. Horrez gain, Catch & Soul taldea ezagutu dugu atal honetan.
Atal honetan Ander Zulaika bateria jolea elkarrizketatu dute Jagoba Salvadorrek eta Eneritz Furyakek. Eñaut Elorrieta, Olatz Salvador, Labeque ahizpak eta beste hainbatekin ibilitakoa da Zulaika, eta "soldatapeko" musikaria izateari buruz eta besteen proiektuetan aritzeari buruz aritu dira solasean. Horrez gain, Neomak, J Martina, Itoiz eta Korrikaren aurtengo kantua entzun ahal dira.
2000ko hamarkadan Donostialdean izan zen eszena hartu dute hizpide atal honetan, Instagram sare sozialeko "Beste batek egindako abestia naiz" kontutik abiatuta. Kontua sortu zuen Kyxo taldeko Endika Garcia elkarrizketatu dute Eneritz Furyak eta Jagoba Salvadorrek, eta, besteak beste, Jousilouli, Cohen, Yaw edota Instep taldeen abestiak ekarri dituzte gogora.
Hainbat musika kazetarik aukeratutako kantu eta diskoen zerrendak argitaratu ditu BADOK atariak aste honetan, 2021. urteak emandakoaren laburpen gisa. Zerrenda horiek aukera ona izaten dira ordura arte entzun gabeko diskoak edota artista berriak deskubritzeko. Hori egin dute Jagoba Salvador eta Eneritz Furyak-ek atal honetan. Konpost, Phatal, Markes Iraizoz edota Ixaberen kantuak jarri dituzte, besteak beste.
Atal berri honetan espazioan barneratu gaitu Diabolo Kiwi taldearen 'Uhin galduak' lan berriak. Allande Etxeberri baxu jolea izan dugu lagun bidaia intergalaktiko honetan. Horrez gain, lan berrietan antzeko kontzeptua —zientzia fikzioa, galaxia...— darabilten Kerobia eta Onki Xin taldeen kantuak entzun ditugu.
Datorren astean zabalduko ditu ateak Durangoko Azokak, eta horren barruan Ahotsenea guneak. Bost egunetan 50 kontzertu hartuko ditu Plateruena kafe antzokiak. Miren Narbaiza Ahotseneako koordinatzaileak aurtengo ediziorako aurreikuspenak azaldu dizkigu elkarrizketa kuze batean. Horrez gain, Ghau proiektu berria eta Joseba Tapiaren lan berria izan dituzte hizpide atal honetan.
Azken aldian ugari dira euskal abestien bertsioak egitea erabaki duten taldeak eta abeslariak. Kantu baten moldaketari ekiterakoan hainbat ikuspuntutik egin daiteke, jatorrizkoarekiko atxikimendutik zein jatorrizkoa berrasmatzeko asmotik. Horietako batzuk entzungo ditugu atal honetan, besteak beste Iseok egindako "Baldorba" (Benito Lertxundi) eta Jon Maiaren "Nirekin" (Gozategi).
Antuxuna, Hatxe eta Sega Sound Killers proiektuetako kideak elkarrizketatu ditugu Piztu Meta izeneko Matchfunding kanpainan parte hartzen ari direlako. Proposatu dituzten proiektuak azaldu dizkigute, eta era berean, diru-laguntzei eta crowdfundinga bezalako baliabideei buruzko hausnarketa egin ahal izan dugu.
Zuk nola entzuten duzu musika, euskarri fisikoan ala formatu digitalean? Galdera horretatik abiatu dute Jagoba Salvador eta Eneritz Furyakek atal berria. Binilo zale amorratua den Asier Mendizabal 'Nokono' gonbidatu dute horretaz hitz egiteko. Horrez gain, Petra, Vulk eta La Rekbaren abestiak entzuteko parada izan da.
Musika esperimental eta elektronikoari lotutako saioa osatu dute Jagoba Salvador eta Eneritz Furyak podcastaren egileek. Horretaz hitz egiteko Bilbon 2014. urtean sortutako Eclectic Reactions zigiluko kideetako bat gonbidatu dute, Joni (We Love Dolce Vita). Horrez gain, ohi bezala, azkenaldian argitaratutako zenbait nobedade entzuteko aukera izan da, tartean Maite Larburu eta Gianterenak.
Udako atsedenaldiaren ostean itzuli da 'Dunbala', eta beste itzulera bat izan du hizpide atal honetan. Izan ere, Musikazuzenean.eus kontzertuen agenda digitala hasi da berriz martxan. Halaber, Hamaika Telebistako Musika Zuzenean saioak 150. atala aireratu du aste honetan. Horretaz guztiaz mintzatzeko, Koldo Otamendi gonbidatu dute podcastera.
Gaur hastekoa den Euskal Herria Zuzenean jaialdiak bete du ikasturte honetako azken saioa. 2020ko etenaren ostean, indartsu itzuli da festibala eta nagusiki Euskal Herriko taldeez osaturiko egitarau erakargarria eskainiko du hiru egunez Irisarrin (Behe Nafarroa). Egitarauaren errepaso zehatza egiteaz gain, Julen Oillarburu antolakuntza taldeko kidearekin mintzatu dira.