BERRIA egunkariaren podcast feminista da Berria FM. Puri-purian dauden gaiei genero ikuspegitik heltzeko espazioa. Bi astetik behin, asteazkenetan patxadaz landuko dira gaiak, baina zorroztasunik ez zaio falta podcastari. Izan ere, saioa Maider Galardi F. Agirre kazetariak gidatuko badu ere, hainbat…
Bada esaldi bat herritar batzuk aski asaldatzen dituena: ‘Inoiz ez da berandu bollera izatea erabakitzeko'. «Erabaki egin daiteke?», galdetu izan du jendeak sarri. Erantzun bila, Eva Perez-Ponsengana jo du Berria FMk. Erabaki daiteke? Zer dira bollera gorputzak, sexualitatetik harago? Eta, ohartzerako, duda gehiago ere baziren: ‘bollera' elea balekoa zaie Ipar Euskal Herriko kideei ere? Jenofa Berhokoirigoinek zer dio? Azkenerako, collage bihurtu zaigu saioa, eta sexilioari erreparatzeko ere hartu dugu tartea, Martxel Larraza eta Beñat Uribe-Etxebarria lagun.
Azkenaldian Euskal Herriko mugimendu feministan izandako eztabaida eta talkak mahai gainean jarri ditu Naia Torrealdai Mandalunizek, eta liburu batean jaso du haien gaineko azterketa: Amaieratik hasi. Euskal feminismoa, aldaketarako paradigma. Berria FMri bisita egin dio autoreak, eta, hortaz, harekin batera aletu ditugu korapilook. Tartean, «eztabaidaren apologia» ere kabiarazi dugu saioan, baita «itxaropenaren mantra» ere. Are, irmo egin du ohartarazpena: «Etsaiari ezin diogu garaipena eskuetara eman».
Hernanin barrena eginiko ibilaldi baten kronika da hau. Hitz eta soinu askokoa. Bertako Berdintasun Kontseiluaren ekimenez sortutako Ibilbide Morea abiapuntu harturik, hirigintza feministari buruzko bisita gidatua egin dugu dozena bat lagunek herrian, Projekta Urbes kooperatibako Miren Vives eta Patxi Galarraga arkitektoekin. Izan ere, zapaltzen ditugun zolei, zeharkatzen ditugun zebra bideei, arropa eskegitzeko erabiltzen ditugun sokei, askotariko plaza eta kaleei… horiei guztiei ere begira dakieke betaurreko moreekin. Horren erakusle da saio hau.
Noiztik aurrera da norbait zaharra? Eta zer dakarkio hari zahar izateak? Zergatik eragiten du halako aznahia ‘zahar' hitzak berak? Eta, bide batez, badago ‘atso' esaterik? Zahartzaroari buruzko hamaika galdera mahaigaineratu dira urteotan han-hemenka, eta haietako hainbati bilatu dizkie erantzunak Mari Luz Esteban antropologo eta idazle feministak, adinkeria eta matxismoa elkarri lotzen zaizkion zientoka egoera daudela sinetsita. Besteak beste, zahartzaroari eta militantzia feministari buruzko gakoak eman ditu Berria FMren saio berrian.
Hijabaren erabilera gai arantzatsua da. Oraindik ere, eztabaida ugari piztu ohi ditu emakume musulman batzuek janzten duten oihalak; jendea kontra azaltzen da, baita feminismo batzuen barrenetan ere. Hori hala, haren bueltako diskurtso askori batik bat «paternalismoa» dariela iritzi dio Ikram Ghacham-Emrani Hachmioune irakasle eta ikertzaileak, eta salatu du emakume musulmanei «galdetu ere egin gabe» hitz egiten dela gaiaz. Gainera, honako ikerketa hau egin du berriki, hezkuntza sistemari erreparatuz: ‘Emakume musulmanen identitatea eta formakuntza akademikoa EAEn'.
Azterlanetan ere azaleratu da joera: mutil gazteek bereziki egiten dute bat korronte antifeministekin. Eta sexuarekiko eta sexualitatearekiko daukaten harremanean ere islatzen da hori. Itxaso Torregrosa sexologo eta hezitzailearen hitzak jaso ditu Berria FMk. Emandako ikastaroetan, argi ikusi ditu feminismoaren kontrako erresistentziak; «TikToken-eta aditzen dituztenen oihartzunak». Baina helduek daukaten arduraz ere ohartarazi du: «Haiek ez daude entzuteko prest, baina gu ez gara asmatzen ari».
Martxoaren 8an beteko dira hamar urte Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkarteak bidea abiatu zuenetik. Chrysallis Euskal Herria izenarekin aurrena, eta Naizen izenez ondotik, elkarteak hamarkada bat darama haur eta gazte transexualen errealitateak bistaratzen eta haien eskubideen defentsa sustatzen. Urteurrenaren karietara, Berria FMn izan dira Bea Sever bozeramailea eta elkartetik igarotako Xuban Senar gizon transa. Egindako bideez eta gizartean izandako aldaketez aritu dira; aurrerapausoez zein atzera emandakoez.
Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna da otsailaren 11, baina egun horretatik kanpo ere badira hamaika motibo gaia hizpide izateko. Elhuyarreko Garazi Andonegi bidelagun, xehe aletu ditugu zientzia munduko genero arrakalak, kristalezko sabaiak, «guraize efektuak» eta beste. Idoia Mujika zientzialari eta dibulgatzailea Itsaso Jauregi kazetaria ere aditu ditugu saioan. Bestalde, ezin saihestu hau: 2025a hasi denetik bi hilketa matxista izan dira Euskal Herrian. Bi semek beren amak hil dituzte. Eta Miren Orozkoren hitzak jaso ditugu.
2016ko Iruñeko sanferminetako talde bortxaketak eta haren gaineko diskurtsoek herritarren memoria kolektiboan eginiko ekarpena aztertu du Samara Veltek ikerketa batean, auziari buruzko ‘Nik sinesten dizut' liburua eman eta bost bat urtera. Hemeroteketan eta oroitzetan atzera egin, eta bistara atera zaizkio orduko birbiktimizazioa, erasotzaileak «piztia» bihurtzeko ahaleginak, epaiketa sozialak eta minak. Baina baita feminismoaren erantzunak ere; eta ondorioak. Horietaz eta bestez aritu zaigu BerriaFMn. «Jai-izorranteez» ere bai, askotara.
«Soilik gauza txarrei buruz hitz egiten denean nabarmentzen da norbait ijitoa dela». Historian zehar eta gaur egun ere ijitoek eginiko lorpenak ezkutatu egiten direla salatu du sarri AMUGEk, eta, orain, zehazki emakume ijitoen kasuei erreparatu, eta «hutsunea konpentsatzeko» ahalegin bat egin du elkarteak, halabeharrez. ‘Romaní hadin II: Euskal Herriko historian emakume ijitoek utzitako arrastoen ondoren' liburua eman dute. Noemi Amaya Garciaren laguntzarekin arakatu dugu lana BerriaFMn.
LGTBIQ+ siglari ‘Q' letra eta ‘+' zeinua erauztea erabaki du PSOEk, eta horrek kolpez mahaigaineratu eztabaida: nola behar litzateke izendatu kolektiboa? Zer gorputz, desira eta identitate utzi dute bazter? Zer norabideren erakusle da urrats hori? Bada alternatiba hoberik? ‘Queer' mugimendua du hizpide BerriaFMk, Josebe Iturrioz eta Ibai Fresnedo militante transfeministak lagun. Gainera, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa izan berritan, bertsorik ere bada tartean.
Diagnostikoa ez da berria, baina ezin esan iraungi denik. Aspaldi, eta oraindik ere, hainbat ikerlari feministak ohartarazi dute euskal kulturari loturiko memoria kolektiboa berridazteko premiaz. Besteak beste, aldarrikatu dute transmisioan ere behar dela eragin: ikuskera heteropatriarkaletik desplazatu, begirada transfeminista ezarri. Berria FMn, Iratxe Retolaza ikerlari eta irakaslea mintzatu zaigu gaiaz. Agurtzane Intxaurraga antzerkigilea ere bai; «gizon gosetuez», eszenatokietan kontatu nahi dituztenez.
Hurbil da Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna. Hari, eta, preseski, indarkeria matxistak sare sozialetan hartzen duen tokiari erreparatu dio Berria FMk. Halako biolentziarik badela ere ukatzen duten diskurtsoei, besteak beste. Asier Arizkorreta Emagineko kidearekin, manosferaz; Maider Galardi kazetari eta ikerlariarekin, ziberjazarpen misoginoez eta sare sozialetako aliantza feministez.
Lisipe bildumako hamabosgarren zenbakia eman du Susa argitaletxeak: ‘Euskal Herriko greba feministak. Diskurtsoaren analisia feminismo materialistatik'. Eta autorearekin egin dugu hitzordua Berria FMn: Uma Ulazia politologia izan da gurean. Freskatu ditugu 2019ko eta 2023ko greben oihartzunak, eta hark esplikatu dizkigu lanuzte horietako diskurtsoen ñabardurak eta efektuak. Edonola ere, podcastean nekez egin geniezaiokeen eskapu Iñigo Errejonen auziari. Hari ere dedikatu dizkiogu hainbat hitz.
Urriaren 19a Bularreko Minbiziaren Kontrako Nazioarteko Eguna da. Aurtengoa joana da, baina beti da garaiz hari heltzeko. Izan Inurri elkarteko kide eta sortzaile Julene Illarramendirekin aritu gara gaitzaz eta gaitza inguratzen duten beste hamaika kontuz: hil arte bizi nahiaz, «urri arrosak» sortzen duen amorrazioaz, hizkera belikoaz, osasun sistemak helarazten dituen mezu matxistez. Bestalde, ‘Bularretik ehundutako aitortzak' dokumentala ondu dute Leitzan, eta protagonisten ahotsak ere jaso ditu Berria FMk.
Ezinbestean, musika eszena transfeministari buruzko saio batekin ekin dio Berria FMk denboraldi berriari. Alex Sarduik esan zuelarik Euskal Herriko musikagintzan «genero diskriminiaziorik» ez dagoela, master amaierako lana aurkeztear zen Udane Barinagarrementeria Laka: 'Euskal Herriko musika-eszena (trans)feministen gorputz etnografia bat: Elkarrekikotasunak, afektuak eta berresanahitzeak'. Eta deitu diogu, eta harekin mintzatu gara punkaz, oholtza hartzeaz, izerdiaz, biolentziaz, «xamurtasun erradikalaz».
LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren ingurumarietan bukatu du denboraldia BerriaFMk. Eta abagunea baliatu du erreparatzeko, batetik, azkenaldian lerroburuetan bistaratu diren gorroto delituei eta erasoei, baina baita, orobat, ‘pinkwashing'-ari, LGTBI mugimenduaren ahalduntzeari, gozamenari eta besteri ere. Bilbao Bizkaia Harro jaialdiaz, kritiko, Be Macias; erresistentziaz eta saretzearen ahalmenaz, Maite Morales eta Ainhoa Ayerbe. Queertopiaz eta bestelako mundu batez, Dom Campistron.
Lerroburuak sexu erasoei buruzko aipamenez josiak dira berriz, agertokiak askotarikoak izanik ere: berdin da den eskola, den eliza, den osteopatia kontsulta. Berriki, lau hilabete bete dira Tolosaldeko osteopata baten kontrako lehenbiziko salaketaren berri izan zenetik, eta, ordutik, hark sexu erasoak egin izana salatu dute hamar emakumek. Biktimei laguntza emateko, «elkar entzuteko gune bat» sortu dute Andragora Emakumeen Etxean, Clara Wolfram Perez gidari; BerriaFMn izan da, gurekin. Gainera, 'Nik sinesten dizut' leloaren genealogia ekarri du Samara Veltek.
Futboleko euskal taldeek lerroburu ugari eman dituzte asteotan. Esaterako, Espainiako Kopako finala jokatu du Realak, eta lehenbiziko mailara igotzear izan da Osasuna. Biek egin dute kale, baina BerriaFMri abagune ederra iruditu zaio emakumezkoen futbola izateko hizpide; dakitenei galdetuta. Ainhoa Tirapu, Ane Azkona, Arene Altonaga eta Jone Bastida lagun, arakatu dugu lan baldintzetan, ikusgaitasunean, futbol sistemaren barreneko biolentzietan, eta egiteko dagoen bidean.
Aurten, Euskal Herri osoan da Amaren Eguna maiatzean. Zoriontzeko eguna ote den, ordea, duda dute askok. Ez ote den gehiago komeni data hausnartzeko baliatzea: hausnartzeko amatasuna nolakoa, amatasuna noiz, amatasuna nork, amatasuna norekin. Are gehiago: «Amatasuna bai?». Emagineko kide Ainara Lasari esker aletu ditugu ama direnenak eta ez direnenak. Hitz egin digu amatasunarekin loturiko iruditerian arrakalatu beharrekoez eta bestez. Bestalde, tamalez eta amorruz, Euskal Herrian izandako beste hilketa matxista bat ere izan dugu hizpide.
Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentroa ireki dute Iruñean: eguneko 24 orduetan izateko zabalik, urteko egun guztietan. Bertan izan da BerriaFM, eta hura ekarri dute, hala, uhinetara. Hitzorduak balio izan du, gainera, hausnartzeko sexu erasoen ikusgaitasunik ezaz, halako biolentziak salatzeko premiaz eta salaketak ez jartzeko eskubideaz. Biktimen askotariko beharrez eta gizartearen ardurez.
Internetek dio sei hilabetean 4.380 ordu kabitzen direla, 186 egun. Hori baino gehiago joan da, beraz, Israelgo Armadak urriaren 7an Gazaren kontrako erasoaldia hasi zuenetik. 33.000tik gora dira hildakoak, halako bi baino gehiago zaurituak, eta armadak dio «asko» falta dela gerra amaitzeko. Hari erreparatu dio Berria FMren azken saioak, Ane Irazabal kazetariaren laguntzarekin. Ari baikara gabarrari begira, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei so ere bai, baina Palestinan zer?
Urtebeteko bidea egin du Berria FMren bigarren aldiak; hain justu ere, Emakumeen Nazioarteko Egunaren ingurumarietan. Bi motibo horien karietara, mikrofonoak jaso, ohiko estudiotik atera, eta Iruñeko Katakrakeko egongelara ekarri dugu podcasta. Eta jendaurrean grabatu. Uzuri Castelo soziologoa eta Ainhoa Olaso Bilgune Feministako kidea lagun, feminismoaren azkenaldiko lorpenez, erronkez eta mugarriez mintzatu gara, sakon: zaintzaz, zaintzeko baldintzez, zaintza itunaz, zaintzeko konpromisoaz. Zuzeneko grabaketa horren emaitza da saio hau.
Talaia Feministaren lehenbiziko txostena aletu du Berria FMren saio berriak, eta, hala, 2023ak Euskal Herrian emandakoa aztertu, begirada feminista eta subiranistatik. Horretarako, taldeko kide Idoia Zengotitabengoa izan da gurean, «alarma gorriak eta itsasargiak» zein diren bistaratzeko. Horrez gainera, mintzatu gara lotsaz., trans legeaz, «señorez» eta erasotzaileez.
Maitasunaren gainekoa da Berria FMren saio berria, maiteminari buruzkoa; minak barne. San Valentin egunez, maitasun erromantikoak emakumeon bizitzetan okupatu ohi duen tokiaz, maitasunaren «azpian» gordetzen direnez eta maitasunaren izenean exijitzen diren lanez hausnartu dugu, besteak beste, hainbat lagunen ekarpenei esker; Irene Arrarats, Karmele Jaio, Irantzu Fernandez eta Bea Egizabal tarteko. Maitasuna «arrozteko», akaso. Bizigarriago bihurtu nahian, izatekotan.
Maria Angeles Ziganda, Maritxu Sorabilla, Paquita Bretos, Maritxu Bilbao, Angelita Olano… Mendizaletasunaren historian bidea urratu zuten emakumeetako batzuk dira horiek. Aitzindarien urratsei segituz joan dira gehitzen berriak zerrendan, eta egun kontaezinak dira alpinismoaren gailurrera iritsi direnen izenak. Haietako batzuk gogora ekarri ditugu, Ana Diez de Ureren laguntzarekin, genealogia bat osatzeko helburuz Gailurretan izan gaitun argazki erakusketa antolatu baitu. Trabak traba, han ere izan direla, garela, ezagutarazteko.
Haurdunaldian, erditzean eta erdiondoan osasun arloko profesionalek emakumeari nahiz umeari ematen dioten tratu txarrari buruzkoa da Berria FMren saio berria. Hau da: indarkeria obstetrikoari buruzkoa. Izan ere, indarkeria matxistaren adierazpide horrek badu izena, badelako. Hari buruz, 'Sortze berri bat' liburua plazaratu du Estitxu Fernandez psikologo eta idazleak, eta gurekin izan da bera, besteak beste. Saioa Baleztena biktimak eta Bakartxo Ormazabal emaginak ere utzi dituzte lekukotzak.
Eguberriak ate joka dira. Berdin egun horien maitale zaren, eta biziki gorroto dituzun, galdera batzuk proposatu ditu Berria FMk zuretzat. Nor arduratu da otorduak diseinatzeaz, antolatzeaz, prestatzeaz? Nor eseri ohi da mahaiaren ertzean, sukaldea hurbil izateko? Olentzerori eta Maridomingiri nork enkargatzen dizkio opari gehienak? Eta bestelako bi. Izan al duzu elkarrizketa deserosorik familiako kideekin? Libre aukeratzerik bazenu, haiekin pasako zenituzke egunok?
Hau da azaroaren 30eko greba feminista orokorraren ondoko aldiaren lehenbiziko saioa. Hain izan da berezia greba, ezen Berria FMren argitalpen eguna ere aldatu baitugu. Ezin genuen gehiago itxoin grebaren soinu kronika bat plazaratzeko. Egunak emandakoa eta Denon Bizitzak Erdigunean plataformaren balorazioa jaso ditugu.
Azaroaren 30eko greba feminista orokorraren aurreko azken saioa da hau. Indarkeria Matxistaren Nazioarteko Egunaren aitzinekoa ere bai. Biei heldu die Berria FMk. Hala nola indarkeria bikarioaren motibo eta suntsitze ahalmenari, eta grebak oinarri-oinarrian duen auziari: zaintzari. Denon Bizitzak Erdigunean koordinakundeko Ekhiñe Petriati eta desgaitasun fisikoa duen Erkuden Txokarro izan dira gurean, zaintzeaz eta zaindua izateaz hizketan.
Gaueko jai giroan eta kale ilunetan gauez ibiltzeak emakume askori dakarkien beldurra du hizpide Berria FMren saio berriak. Zehatzago esanda: beldurra, eta haren ondoriozko ezintasun sentipena, eta tristezia, eta amorrua. Izu hori, ordea, ez da irrazionala batere: gizarteak eraikia da, eta hori ere bada podcastean aztergai. Zer neurritan da patriarkatuaren estrategia bat? Zer kalte ditu erasoen gaineko alarma sozialak? Noren bizkar uzten da ardura? Aurora Iturriozek lagundu digu halakoei erantzuten.
Ezin beste alde batera begiratu: Palestinari egin dio so Berria FMk. Urriaren 7an Hamasek ezustean eginiko erasoaldiaren ondotik, eta Israelek gerra deklaratuta, azken hamarkadetako gatazkarik odoltsuena izaten ari da Palestinan. Saio hau grabatu denerako, 5.000 bat palestinar hil dira Israelen bonbardaketen ondorioz; horien %70 emakumeak, adingabeak edo adinekoak dira. Gatazka, gainera, ezin da kontatu atzera begiratu gabe; eskerrak Maddi Iztuetari. Baita Heba Abu Nada poetari ere.
Egutegiari begiratu, eta ziztuan ohartu: hilabete eta erdi inguru falta da azaroaren 30eko greba feminista orokorrerako. Prestatu beharko, beraz. Zergatik greba feminista? Zergatik orokorra? Zertarako zaintza sistema irauli? Gizonekin ere bai? Nola? Olatz Silva kazetariak lagundu du galdera horiei guztiei erantzuten. Bestalde, lerroburuei begiratu, eta hara: dozenaka adingabe biluziren irudiak sortu dituzte adimen artifiziala baliatuta. Eta Berria FMren deia jaso du Ana Galarragak.
Uda sasoiko atsedenaren ondotik, bueltan da Berria FM. Askotarikoak gertatu dira azkenaldian, ezin denak saio bakarrean kabitu, baina hona hemen batzuk: eskuak barrabiletara, musu behartuak ezpainetara. Eta aurrerapausoak abortatzeko eskubidean, baina atzerapausoak berdintasun sailetan. Eta lodifobia kasuak edonon; ez orain, beti. Horiek eta gehiago izan ditugu hizpide denboraldi berriko lehenbiziko saioan. Besteak beste, Mijo Lizarzaburu aktibista izan da gurean.
Auzolotsa —eta amorrua— eragiten die hainbati, baina hau da egia: oraindik ere bada jendea, mordoa, LGTBI siglen B-ak zer esan nahi duen ez dakiena. Bisexualitatearen ikusgaitasunik ezaren frogetako bat da hori. LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren karietara, hari erreparatu dio Berria FMk. Horretarako, Bizi Bisexualitatea proiektuaren sortzaile Oli Artola eta partaide Olaia L. Garaialde izan ditugu gurean, ertz askori buruz hizketan, ertzetik: zurrunegi diren etiketez, oasiez, etxe diren ezlekuez.
Eginen genuela agindu genuen, eta gure hitza bete dugu. Maurizia Aldeiturriaga plazandre handiari omenaldia egin diogu, beste plazandre baten laguntzarekin: Ines Osinagarekin. Eta erreferenteez aritzeko, nor egokiagoa Marisa Barrena Wikiemakumeok proiektuko sortzailea baino? Sareko genero arrakala murrizteko lanean dihardu, baina, izatez, algoritmoa bera ere matxista da. Zer den algoritmoa eta nola funtzionatzen duen? Miren Gutierrez ikertzaileak irakatsi digu.
Bi asteren bueltan bi emakume hil ditu indarkeria matxistak Euskal Herrian; bat Gasteizen, Orion bestea. Ordea, Hegoaldeko hauteskundeen eraginez, hilketek apenas izan duten oihartzunik hedabideetan. Demokrazia patriarkal batean garen seinale? 2003tik, 119 andre hil ditu matxismoak Euskal Herrian. Berriki gertaturiko kasuak aztertu, eta gaiaren zenbait ertzi erreparatuko die Berria FMk, hala nola indarkeria matxistaren errelato ereduari eta morboari. Bestalde: zer esan nahi dute LGTBI siglek? Eta, zertan zen abortuaren auzia orain 50 urte?
Honezkero inor gutxi izanen da enteratu gabea: foru eta udal hauteskundeak izanen dira maiatzaren 28an Hego Euskal Herrian. Eta kanpainak dena hartu du: hormak, irrati solasaldiak, billabesen atzekaldeak… bada, Berria FM ere bai. Hautagai zerrendei so egin, eta hara burura datozkigun galderak: egiazki al da «emakumeen kanpaina»? Eta horrek zer dakar? Politika feministagorik bai? Zuriñe Rodriguez eta Arantxa Martinezekin argitu ditugu horiek. Bestalde: zer gertatu da Vatikanoan? Eta Fronte Polisarioarekin? Eskerrak Kristina Berasaini. Berak badaki.
Gizonentzako antisorgailu berri bat lortzeko urrats garrantzitsu bat egin dute AEBetan eta, albistetik tiraka, kontrazepzioaz aritu gara bosgarren saioan. Zergatik daude gizonentzako antisorgailu gutxiago emakumeentzako baino? Bikote heterosexualetan, nork hartzen du haurdunaldia eragozteko ardura? Aukera gehiago egoteak ekarriko luke ardura banatzea? Ana Galarraga zientzia dibulgatzailearekin eta Ana Uriz ginekologoarekin hitz egin dugu. Horrez gain, Zeledon emakumea izateko aukeraz aritu gara, baita Maiatzaren 1az ere.
Mende erdi bete da Pablo Picasso hil zenetik. Haren omenezko dozenaka erakusketa eta ekinbide antolatu dira han eta hemen, eta Berria FMk ere egin du berea; begirada feministatik. Ezagunak baitira artista kubistak genero ikuspegitik sortzen dituen zalantzak. Jenio bat zelako ideiak sarri tapatu ditu horiek; hemen ez. Haizea Barcenilla arte komisarioaren laguntzarekin landu dugu gaia. Picassoz harago ere bai. Bestalde: zertan da alardearen auzia Irunen? Arantxa Iraolak argitu digu.
Iritzi foruetan aritzen diren zenbait emakumek urtarrilean argitaratutako ‘Irautea iraultzea denean’ artikulua oroitu dugu Berria FMren hirugarren atalean, eta aipatzen direnetan sakondu: aitakeria, arzalpenak, kuotak, grazia izpirik ez duten txantxak... Pilar Kaltzada izan dugu gurean, baina ez bera bakarrik: beste bost ahotsek ere hartu dute parte. Azaltzeko, kontatzeko eta salatzeko. Beste batzuei, aldiz, isil daitezela eskatu diegu.
‘Soilik baietz da baietz’ legearen erreformari heldu diogu Berria FMren saio berrian. Baina ez soilik hari: zigorretara mugatzeaz, ezetz esateko zailtasunez eta baiezko behartuez ere aritu gara. Eta Afganistango andreen ezinez. Eta liburu erreez. Eta beste hainbestez.
Berria FMren etapa berriko lehen saioa Martxoaren 8arekin batera heldu da. Ezinbestean, Emakumeen Nazioarteko Eguna hartu dugu hizpide: izan duen bideaz, haren dimentsioaz eta egunari lotutako erronkez aritu gara. Baita zaintzaz ere ―gai hori hartu baitu ardatz mugimendu feministak―, eta urtero egun honen bueltan izaten den zuriketa moreaz.
Orain arte ezagutu dugun azken Berria FM da hau. Berriak segituko du podcast feminista bat edukitzen, baina eraberritzeko atseden hartzea tokatzen da orain. Azken aldirako hasieratik elkarrekin egon diren Intza Alkain, Bea Egizabal eta Maider Galardi F. Agirre podcasteko gidaria aritu dira solasean.
Indarkeria Matxistaren Nazioarteko Egunerako bi egun falta direla, gaur egun erabateko zigorgabetasuna duen bortxa batetaz arituko gara: indarkeria obstetrikoaz. Horretarako, Saioa Baleztena kazetariarekin elkartu gara. Indarkeria horren biktima izateaz gain, gaia asko landu du bai hedabideetan eta baita instituzioekin elkarlanean ere. Ohi moduan entzule batek deitu du, eta amaitzeko ostiraleko mobilizazioen berri emango dugu.
Mugen Gainetik eta Gehitu elkarteekin segitzen dugu hartu-emanean, eta Gaztegehituko Izei Etxeberria gonbidatu dugu 42. saiora. Zientzia Politikoetan graduatua da, eta azken aldian harremanei buruzko gogoetak egiten dabil, bere begiradatik eta beregan eragina duten aldagaietatik abiatuta. Atal honetan, neurodibergentziaz eta asexualitateaz arituko gara besteak beste. Entzule batek ere deitu du eta harreman heterosexualei buruzko hausnarketa utzi digu podcastean.
Laugarren denboraldia estreinatu dugu Berria FMn eta kolaborazio berri batekin gatoz. Saio honetan eta hurrengoan Gehitu eta Mugen gainetik elkarteek duten lankidetzaren bozgorailu izango da Berria. Gaurkoan Julen Gorosabel pertsona trans ez bitarraren bizipen eta gogoetak entzungo ditugu. Eta Ramoni oporretan egon arren, entzule batek deitu du podcastera. Entzun bi biek esateko dutena.
Ines Osinagarekin egin dugu hitzordua denboraldiko azken Berria FMn. Musikari bezala ibilbide luzea du Osinagak, eta, orain hainbat sorkuntza ditu eskuartean, Mauriziak ez dau inor hil egitasmoa eta Badon proiektua, besteak beste. Emakumeek oholtzan duten espazioaz, beken eta diru laguntzen sistemaz, amatasunaz eta osasun mentalaz jardun gara, besteak beste. Ramonik, berriz, urteko errepasoa egin du bere tartean.
Ezin zuen bestela, eta saio honetan Emakundek Berriari emandako sariaz arituko gara. Maiatzaren 9an Bilboko sari banaketan egon ostean, Maite Asensio Berriako kazetariarekin eta Elene Barandiaran Berriako barne antolaketa arduradunarekin solasean aritu ginen kazetaritza feministaz, egunkariak egindako urratsez eta betetzeko dituen erronkez, eta beste hainbat kontuei buruz. Umorean, Lohitzune arituko da.
Bularreko minbiziaz arituko gara Berria FMren saio berrian. Bularreko minbiziaz, baina ohikoa ez den begirada apurtzaileago batekin. Sandra Barkaiztegi eta Elena Guinea dira gonbidatuak, biek dute bularreko minbizia, eta Inurri elkarteko kideak dira, eta eritasunaren eta eriaren estereotipoak begirada feministatik aztertu dituzte: burusoiltasuna, sexualitatea, gaixo-itxura eta titi bakarrak, bestek beste.
Saio honetan gerrari eta gatazka politikoei begira jarriko gara. Ez edonolako ikuspegiarekin, ordea: Ukrainan gertatzen ari dena hari eroale gisa hartuta, bidaia are luzeago bat egingo dute Maddi Ane Txoperena,k Ane Irazabalek eta Amagoia Mujika Tolaretxipik; Poloniako mugatik Bielorrusiara, handik Lesbosera, hortik Kongoko Errepublika Demokratikora... Hori guztia gorputza erdigunean jarrita: kazetariarena, emakumearena, amarena, gaztearena...