Zerutik begiratuta, tanto berdeak dirudite. Olibondoak Mediterraneoko paisaia, Italiatik Palestinara, janzten duten milurteko zuhaitzak dira. "Gure arbolek hitz egingo balute...", esan zidan behin emakume palestinar batek. Historiaren testigu mutuak direla pentsatuko dute askok, baina haien fruituek…
Alemaniara bizitzera etorri nintzenean, oso deigarria egin zitzaidan Alderdi Berdearen indarra. Italiatik etorrita, atentzio handia ematen zidan ekologisten erakartasun maila ikustea. Kontzientzia bizia zuten klima larrialdiari aurre egiteko politiken inguruan eta gazte asko hurbiltzeko gai ziren.
Europako eskuin muturrarentzat musa edo inspirazio berria bilakatu da, baina Italian aspalditik da ezaguna. Giorgia Melonik ultraeskuin atzerakoienaren ideal guztiak islatzen ditu. Erroman faxistak ez ziren inoiz desagertu edo transformatu, Italiako beste hainbat txokotan antifaxismoak indar handia eskuratu zuen bitartean, Mussoliniren mugimenduak haziak erein zituen hiriburuan. Belaunaldiz belaunaldi, politikari neofaxista berriek herritar horiei ahotsa ematen saiatu dira, hautesle “nostalgikoak” erakartzen, eta Melonik egungoak islatzen ditu.
Alemaniak ehun urte behar izan ditu Namibian genozidio bat burutu zuela aitortzeko eta barkamenak eskatzeko. Ehun urte, belaunaldi gehiegi. Halere, beste batzuek ez bezala, bere basakeriak onartu ditu eta iraganeko lotsak bistaratu. Namibiarren borroka beharrezkoa izan da aitortza horretara iristeko, izan ere, herrialdea osatzen duten herriek bizirik mantendu dute memoria.
Iragan otsailetik 600.000 errefuxiatu Ukrainar erregistratu ditu Alemaniak. Horiek dira migrazioaren agentziak eman dituen datu ofizialak. Baina gobernuak onartzen du Alemaniara iritsi direnen benetako datua bikoitza izan daitekeela. Zaila da jakitea horietako zenbat bizi diren une honetan Alemanian. Batzuk joan-etorrian dabiltza eta askok beste hainbat herrialdetara mugitzeko erabakia hartu dute.
Itsas salbamenduan aritzen den lagun ekintzaile baten deia jaso nuen duela hainbat egun. Larrituta zegoen. “Azken egunetan, etorkinez beteriko ontzien etorrera handitu da eta gero eta baliabide gutxiago daude Mediterraneoan”, esan zidan: “Ukrainako gerrak eztanda egin zuenetik, gobernuz kanpoko erakundeen eta Europako gobernuen laguntza bertara bideratu da. Inor gutxi gogoratzen da Mediterraneoaz”.
Alemaniak gehiago egin beharko luke, Alemania hipokrita hutsa da, Alemaniak Errusiako gasaren eta petrolioaren enbargoa inposatu beharko lituzke. Azken asteetan, gero eta kritika gehiago entzuten dira Berlingo gobernuaren aurka. “Nola bilakatu da Alemania Putinen finantzatzaile?” edo “Alemaniak eskuak odolez zikinduta ditu” dira egunkarietan irakurri ditudan lerroburu gogorretako batzuk. Ukrainako Zelensky presidenteak ere tonua altxatu du eta zera irizten dio: Errusiari inposatutako zigorrek ez dute ezertarako balio, horiei enbargo energetikoa gehitzen ez bazaie.
Muzhda Ashrafi eta bere familiak bi urte eta erdi pasa dituzte Grezian harrapatuta. Afganistanetik ihes egin eta Europara iritsi zirenetik, haien asilo eskaerak ez du ez aurrera ez atzera egin. Are gehiago, Greziak babes politikoa ukatu die. Familiak helegitea aurkeztu du eta haien prozesuak joan-etorri burokratiko amaiezinak pairatu ditu azken hilabeteetan. Ez dira bakarrak. Ashrafitarren odisea, beste milaka familiaren istorioetan islatzen da. Azken egunetan Lesboseko eta Samoseko uharteetan dauden hainbat asilo eskatzailerekin hitz egiteko aukera izan dut, baita Balkanetako ibilbidean harrapatuta daudenekin ere.
Tugay Saracek hamalau urte zituen bere aita hil zenean. Gazteak ez du oroitzapen berezirik egun horren inguruan. Tugayren aita ez zen maitekorra, guztiz kontrakoa, oso zorrotza eta gogorra zen. Gainera, bere etxean erlijioa oso modu zurrunean bizi zuten. Tugayren gurasoak gaztetan iritsi ziren Turkiatik Alemaniara eta urteek aurrera egin ahalean, aita gero eta fededunagoa bilakatu zen. Tugayk ez du gogoan noiz konturatu zen homosexuala zela, baina etxean debekatuta zegoen horri buruz hitz egitea eta nerabezaroan bizi izan zuen errepresio sexualak biziki markatu zuen bere gaztaroa.
Ez nuen imajinatzen, baina Kiev hiri ederra da benetan. Zazpi mendixken hiria deitzen diote askok, Erroman bezala, hainbat muinok inguratzen dutelako. II. Mundu Gerran bonbek zeharo suntsitu zuten arren, oraindik antzinako eraikinak mantentzen ditu eta berreraikitzea oso ondo egin zen. Gainera, azken urteetan musika elektronikoaren gotorlekua bilakatu da eta mundu mailako entzuleak eta dj ospetsuak erakartzen ditu. Askoren ustez, 1980ko hamarkadako Berlin berria bilakatu da.
Margarito Martínez 2017ko udan ezagutu genuen. Tijuanan geunden mugaldeko harresiaren gaineko erreportaje bat grabatzen, baina uda horretan beste gertakari batzuk jomugan jarri zuten Mexikoko hiria. Joaquín Guzman 'El Chapo' droga trafikatzailea atxilotu ostean, Tijuana kartelen arteko gerraren agertoki odoltsua bilakatu zen. Egunero batez besteko bost hilketa zenbatzen zituen poliziak. Sikarioak elkarri tiroka ari ziren, alde bateko zein besteko droga kartelek hiriaren kontrola eskuratu nahi zutelako. Behin Tijuanako agure batekin hizketan aritu nintzen eta zera esan zidan: “Guk AEBetara droga esportatzen dugu eta haiek armak inportatzen dizkigute. Hori da gure penitentzia”.
Berlinen ehunka eraikin daude beste garai bat gogorarazten dizkigutenak. Auzo batetik bestera salto egin eta badirudi bi mundu zeharo antagonikoetan bizi naizela. Alde batetik, hiri futurista bat ordezkatzen duten eraikin modernoak ikusten ditut eta bestetik Sobiet Batasunera eramaten nauten edifizio komunistak. Izan ere, hamarkada luzez bi errealitateak gailendu ziren hirian. II. Mundu Gerran aliatuek Alemaniako hiriburua bonbardatu eta ia guztiz suntsitu zutenetik, higiezin espekulazioak dena bete zuen. Mendebaldeak kapitalismoaren leherketa bizi izan zuen eta Ekialdeak, berriz, estatu sozialistaren garapena. Harresiak, gainera, bi errealitateak zeharo banatu zituen. Billy Wilderren 1,2,3 filmak (1961) maisuki kontatzen du zatiketa hori eta ez du esfortzurik aurrezten bi sistemak sutsuki kritikatzeko.
Espien gaineko filmak gustatzen bazaizkizue, istorio honek Hollywoodeko pelikula bat irudituko zaizue. Baina kontuz, ez da fikzioa. Jarraian kontatuko den guztia benetan gertatu da eta jazoerak argi uzten du errealitateak edozein gidoi gainditzen duela. Historia, Vienako aireportuko komun batean hasten da. Austriako poliziak pistola bat aurkitzen du komun-ontzi baten atzean, eta, hatz marken analisia egin ostean, poliziak jakiten du arma Alemaniako gazte baten izenean dagoela: 32 urteko Franco Albrecht izeneko mutila.
Tala al Jumaily 2013an batu zen Estatu Islamikora. Mundu mailako beste gazte askoren antzera, nazio musulman “puruaren” ideiak erakarri egin zuen. Al Jumaily gazte arrunt bat zen, piska bat isila eta lotsatia, baina eguneroko bizitzari eusten ziona: lana, lagunak eta bizitza soziala. Siriara eta Irakera bidaiatu eta ISIS taldera batu zenean, ordea, zeharo aldatu zen. Jennifer Wenisch, Al Jumailyren emaztea ohia, alemaniarra da eta Faluyiako estatu islamikoaren polizian lan egiten zuen. 2014ko abuztuan, Estatu Islamikoko miliziek Irak iparraldeko lurralde kurduko Xengal eskualdea hartu zuten eta yazidiak akabatzen hasi ziren . Jihadistek “fedegabetzat” jotzen zituzten, haien erlijioa sinkretikoa delako, alegia, doktrina eta kultura anitzak batzen dituelako. Gizon asko hil egin zituzten eta emakumeak bahitu.
32 urte igaro dira Berlingo harresia erori zenetik. Urtero, azaroaren 9an, XX. mende amaierako gertakari historikorik nagusiena gogoratzen dute berlindarrek eta hamaika omenaldi egiten dituzte. Ni iritsi berria naiz Berlinera, eta jaioberriaren begiekin aztertzen dut hiria. Batek daki zenbat denbora pasa behar den zure burua turistatzat jotzeari utzi eta berlindarra sentitzeko. Askotan hausnartzen dut duela hilabete gutxira arte museo arkeologikorik ikusgarrienean bizi nintzela, alegia, Erroman; eta egun, berriz, Europako hiririk berrienean eta gazteenean bizi naizela. Berlinen.
Sare sozialek piztu dituzte alarma guztiak. ‘III. Bidea’ talde neonaziak Poloniarekiko muga patruilatzeko deialdia bota du, handik Alemaniara iristen saiatzen diren asilo eskatzaileak atzemateko. Haiek ‘ehiza’ hitza erabiltzen dute eta ez dira lehenak. Duela sei urte, paramilitar hungariarrek ere halako patruilak antolatu zituzten Serbiatik Europako Batasunera zeharkatzen saiatzen ziren errefuxiatuak harrapatzeko. Mugan atzematen zituztenean, poliziari deitzen zioten eta batzuetan errefuxiatuak jipoitzen zituzten. Beldurraren estrategia deitzen zioten paramilitarrek.
Azken egunetan ez da beste ezertaz hitz egiten Alemanian. Egunkarietan, telebistan eta sare sozialetan adineko pertsonak ikusi ditugu, aiton-amonak, gurpil-aulkian epailearen aurrean deklaratzen. Akusatuen mahaian daude. Guztiek karpeta edo liburu batekin tapatzen dituzte aurpegiak eta ez dute inork haiek ezagutzerik nahi. 96 urteko andre bat, gainera, ihes egiten saiatu da epaiketa hasi baino lehenago.
Europako gobernubururik boteretsuena da eta munduko laugarren ekonomia gidatzen du. Hamasei urte igaro dira hauteskundeak lehen aldiz irabazi zituenetik, eta, orduz geroztik, garaile atera da boza guztietan. Baina Angela Merkel badoa. Alemaniako kantzilerrak politika utziko du inoizko onarpen-mailarik handienarekin.
Protesta jendetsuak dira, baina ez dute oihartzunik Alemaniako politikan. Duela hainbat astetatik errefuxiatu afganiarrek manifestazioak antolatu dituzte gobernu federalaren aurrean. Ez dakit hori ohikoa den ala ez. Iritsi berria naiz Berlinera, duela bi hilabete eskas utzi nuen Erromako apartamentua Alemaniara bizitzera etortzeko, eta niretzat dena da berria. Nire auzoko supermerkatura, liburutegira edo erroldatzea egiteko bulegora hurbiltzen naizen bakoitzean, Siriako eta Afganistango errefuxiatu asko ikusten ditut. Denek alemanieraz fin hitz egiten dute eta inpresio handia ematen dit ohartzeak gehienak duela sei urte iritsi zirela Egeo itsasoa gurutzatu eta Balkanak oinez zeharkatu ostean. Haietako batzuk orduan aurkitu nituen, Greziaren eta Mazedoniaren arteko mugan, Hungarian edo agian Austrian.
Azken egunetan, trauma kolektibo baten aldarrikapen antzeko bat bizitzen ari gara Italian. Lagunekin elkartu eta “zu non zeuden egun hartan?” galdetzen diote batzuek besteei. Koadrilak banatuta daude Genovara joan zirenen eta azken momentuan ez joatea erabaki zutenen artean. Askori ez zaie gaiari buruz hitz egitea gustatzen eta zauri bat berriz ere irekitzea bezalakoa dela pentsatzen dute. Baina azken egunetan kontzientzia kolektibo baten pizkundea bizitzen ari naiz, lagun guztiek zauri horretan sakontzea erabaki izan balute bezala.
2020ko apirilaren lehen astean 13 preso hil ziren Italiako kartzeletan. Albisteak hedabide gehienen lerroburuak bete zituen. Pandemiaren hasieran geunden eta bizi genuen egoerari buruz ez genuen ezer ulertzen. Egun horietan militarren kamioiek hilkutxak eramaten zituzten, ospitaleak kolapsatuta zeuden, Italiak eguneko 900 hildako ofizial zenbatzen zituen, eta, nahasmen horretan, herrialde zabaleko espetxeetan, protestak zabaldu ziren.
Podcast bat baino, jarraian datorrena Luca Ricciren eta nire arteko solasaldi bat da gehien gustatzen zaigun Erromako txokoan. San Calisto Trasteveren bihotzean dago eta Marcello Fortik ireki zuen 1969an salmentan zegoen lokal bat erosi ostean. Bere lema “pertsona ona izatea” izan da orduz geroztik. Taberna ikonikoak bezero leialak ditu, agian, auzoak pairatu duen gentrifikazioari eutsi dion bakarrenetakoa delako.
Kazetaritzan hamarkada luzez indartu da suizidioei buruz ez hitz egiteko joera. Jarrera horrek teoria soziologiko bati erantzuten dio eta Wether Efektua du izena. XVIII. mendean, Goethe idazleak Werther gaztearen arrangurak eleberria argitaratu zuen, protagonistak bere buruaz beste egiten du, eta, nobela plazaratu zenean, suizidioek gora egin zuten Europan. Hala, XX. mendean gertaera horretan oinarrituriko teoria zabaldu zen mundu mailan. Suizidioen gaineko albisteak irakurrita, herritarrei bere buruaz beste egiteko “gogoa” pizten zaiela argudiatzen du.
Belal Jadok 20 urte pasatxo zituen Amal Mustaqbal haurtzaindegia irekitzea erabaki zuenean. Hogei urterekin, nori okurritzen zaio haurrentzako zentro bat sortzea?, pentsatu zuten batzuek. Zergatik ez du falafel denda bat edo bestelako negozio bat irekitzen?, hausnartuko zuten besteek.
Erromako metro geltoki bati Giorgio Marincola izena jarriko diote. Virginia Raggi hiriburuko alkateak iragarri du hasiera batean Etiopiako Amba Aradam sarraski kolonialaren izena eraman behar zuen geltokiak sinbolo antifaxista bat omenduko duela. Baina nor zen Giorgio Marincola?
Oso zaila egiten zait lagunei buruz idaztea edo haien inguruan hedabideetan hitz egitea. Nire bizitza pribatuaren gainean oso lotsatia naiz eta uste dut ingurukoak aipatzen ditudanean, haien esfera pribatua ere urratzen ari naizela. Oso gutxitan mintzatu naiz nire bizitzan ezinbesteko zutabea izan den lagun palestinar bati buruz. Baha Hilo nire pisukidea izan zen 26 urterekin Palestinara iritsi nintzenean.
2013ko ekainean ezagutu nuen Nawal al Saadawi. Militarrek Anaia Musulmanen aurka egin zuten estatu kolpearen aurreko asteetan, protesta giroa sumatzen zen Kairon. Elkarrizketa bat egin nahi nion eta Saadawik bere etxera joateko esan zidan, han lasaiago egongo ginela argudiatuz. Nola definituko zenuke zure burua? Galdetu nion lehen elkarrizketa hartan. “Gizakia, emakumea, disidentea eta iraultzailea”, erantzun zidan.
Italiarrei izugarri gustatzen zaie anglizismoak erabiltzea. Hizkuntza aberatsa daukatela jakin badakite, baina cool-a bilakatu da han eta hemen ingelesezko hitzak esatea. Kazetaritzak eginkizun handia bete du anglizismoen erabilera neurrigabean. Ander Izagirre kazetariak behin esan zidan: “Konturatu zara mundu guztiak capo hitza erabiltzen duela mafiako buruzagien inguruan hitz egiteko, eta italiarrek boss esaten dutela”? Ingelesa oso gutxi menderatzen duen gizarte batean, barregarri suerta daiteke joera hori. Edonola ere, Italian inork ez du betondoa zimurtzen, eta, horregatik, iaz inork ez zuen ezer esan Italiako gobernuak konfinamendu orokorra iragarri eta lockdown hitza erabili zuenean.
Margherita Grassini Sarfattik hogei urte zituen Benito Mussolini ezagutu zuenean. Emakume askea, indartsua eta pertsonalitate handikoa zen. Sarfatti 1880an sortu zen Venezian, hiriko familia judu ospetsu batean, baina hemezortzi urterekin gurasoen etxetik ihes egin zuen askoz nagusiagoa zen Cesare Sarfatti abokatuarekin ezkontzeko. Italiako lehen emakume kazetari profesionaltzat jotzen dute askok eta XX. mende hasieran hainbat aldizkari zuzentzera iritsi zen. Haren Milango etxean orduko lider politikorik ospetsuenak jasotzen zituen, eta, halako bisita batean, famatu egiten ari zen Mussolini ezagutu zuen.
Mario Draghi Romulo eta Remo baino erromatarragoa da. Hain da erromatarra, Roma Futbol Taldeko jarraitzaile amorratua dela. “Francesco Totti betirako”, esan zuen duela lau urte, Romako kapitaina erretiratu zenean. Hori da Draghik bere zaletasunei buruz egin duen adierazpen bakarra. Draghi Erroma erdigunean jaio zen eta hamabost urterekin gurasoak galdu zituen oso tarte gutxirekin. Familiaren buru bilakatu zen orduan, eta anai-arreba txikiak zaindu zituen. Jokabide paternalista eta mesianiko horrek bizitza guztian jarraitu dio. “Familia salbatu nuen, euroa ere bai. Orain Italiaren txanda da”, pentsatuko du agian.
Erroman aspalditik bizi den nazioarteko korrespontsal batek, zera esan zidan behin: “Ez saiatu inoiz Italiako politika konprenitzen. Sistema hau ulertzeko doktorego bat beharko duzu; edo, bestela, Italian denbora luzez bizi eta hemengo politikarekin mimetizatu”. Orduan, iritsi berria nintzen Erromara. Ez nuen ulertzen zergatik zen herrialde hau gobernaezina. Italian krisi politiko guztiek drama bat dirudite eta mundu amaitzen dela dirudi. Baina gehienetan egoera lehengo testuingurura itzultzen da ezer gertatu izan ez balitz bezala.
Imajina ezauze Italia iparraldeko mendietan, Alpeen magalean, bizi den ahuntzain baten bizitza. Eta orain imajinatu ahuntzain hori emakumea eta beltza dela. Trenton, Agitu Ideo Gudeta etiopiarrak kooperatiba iraultzailea abiarazi zuen duela bost urte. Gudeta errefuxiatua zen eta Etiopiako errepresio politikotik ihes egin zuen, bada, lurren desjabetzaren biktimak ziren nekazarien aldeko ekintzailea zen Gudeta. 2010ean maletak egin eta Italiara etorri zen asilo politikoaren bila. Harrera herrialdeak berriz ere hasteko aukera bat eman zion.
Vivien Sansour ameslaria izan da beti. Betleem ondoan dagoen Beit Bala herrian jaio zen, eta, txikitan, olibondoen atzean ezkutatzea gustatzen zitzaion. Gurasoek Gazara eramaten zuten gaztetan; itsasoaz gozatzeko ezinbesteko helmuga zen familia palestinarrentzat. Vivienek gustuko zuen Gazako hondartzetako harea etxera eramatea. Kristalezko bote txikietan sartzen zuen, eta, gero, mahai gainera bota eta koloreztatu egiten zuen.
Pier Paolo Pasolinik inork baino hobeto ezagutzen zituen Erromako azpimunduak, izkina ilunak, irteerarik gabeko txokoak. Erromara lehen aldiz iristen zarenean, edertasunak txunditzen zaitu. Inguruan ez duzu edertasuna besterik ikusten. Baina mafiako buru batek behin esan zuen bezala, Erroman hiru errealitate bizi dira: “Goian bizidunak, behean hildakoak eta erdian Mondo di Mezzo edo erdiko mundua. Eta ofizialki existitzen ez den geruza horretan edozer gauza gerta daiteke”.
Ontzia portura iristen ari da. Itsasontziaren bizkarrean familia asko daude, gehienak ume txikiak dituzten bikote ezkonberriak dira. Badaude gurasorik gabe bidaiatzen duten mutil gazteak ere, bada, atzerrira ihes egitea erabaki dute dirua etxera bidaltzeko. Gehienek miseriatik alde egin dute, baina badaude indarkeria atzean utzi dutenak dutenak ere. Portura hurbiltzen ari diren heinean, ilusioa sumatzen da haien begietan. Lortu dute. Itsasoa gurutzatu eta helmugara iritsi dira. Halere, nekatuta eta beldurtuta dirudite gehienek. Emakumeek gona luzeak daramatzate ilea zapi batekin tapatzen dute. Umeek ez diote negar egiteari uzten. Hotz egiten du eta haize izoztuak min egiten die aurpegian.
Houston hiri arrotza da Idaniarentzat. Autobide zabalak, ibilgailu handiak eta etxe-orratzak. Houstonen dena da handia eta dena aseptikoa. Idaniak ez zuen inoiz imajinatuko Nikaraguako Diriamba hiritik ihes egin, eta Texas estatuaren bihotzean amaituko zuela. Are gutxiago ibilbide hori guztia oinez egitea tokatuko zitzaionik. Idania eta bere familia, duela bi urte ezagutu genituen Mexikoko Juchitan de Zaragoza hirian. Erdialdeko Amerikako hainbat txokotatik hasi zen eta Amerikako Estatu Batuetara zeharkatzea helburu zuen Migratzaileen Karabana osatzen zuten.
Marta Loik ez zuen inoiz imajinatu bizirik zegoen bitartean bere izena hilobi batean ikusiko zuenik. Baina hala izan da. Duela zortzi hilabete, Erromako emakumeak abortatzea erabaki zuen bere fetua gaizki zegoela jakin ostean. Haurdunaldiak arriskuan jartzen zuen Martaren osasuna, eta, horregatik, abortu terapeutiko bat egitea erabaki zuen. Ez zen hautu erraza izan Martarentzat. 20 aste baino gehiagoko haurdunaldiarekin, operazioak nahiko traumatizatuta utzi zuen.
Lampedusako herritarrek ez dute itsasoko ezbeharrei buruz hitz egin nahi. Italiako uhartea harrera portua da, Europako atea. Baina mapan kokatzea besterik ez dago Tunisia Italia baino hurbilago daukala jabetzeko. Errefuxiatuak Lampedusara iristen direnean, funtzionarioek non dauden azaltzen diete eta gehienek etsitu aurpegia jartzen dute, bada, ibilbidearen erdia ere egin ez dutela iruditzen zaie. “Europatik oso urrun dago”, esaten dute askok.
Oraindik erretzen ari diren kanpadenden hotsa da. Bi aste pasa dira Moria goitik behera erre zenetik. Azken bost urtetan, hamaika aldiz bisitatu dugu kanpalekua eta beste hamaika aldiz entzun izan dugu eremuak lehenago edo beranduago su hartuko zuela. Baina ez genuen inoiz imajinatuko sutea hain basatia izango zenik. Uda amaierako gau bero eta haizetsu batean, une batetik bestera, garrek dena suntsitu zuten. Kanpadendetatik hasi eta olibondo guztiak kiskaldu arte, Moriak errautsez beteriko gerra eremu bat dirudi. Errefuxiatuek ahal zuten bezala ihes egin dute, eta gose dira.
“Kaixo, Pia. Zuri buruz irakurri du hedabideetan. Pertsona ikaragarria dirudizu. Erresuma Batuko artista bat naiz, migrazioaren krisiaren inguruan hainbat artelan egin ditut eta ezin dut dirua niretzat gorde. Irabazitakoa erabil dezakezu ontzi berri bat erosteko?” Horrela aurkeztu zitzaion Banksy grafitigilea Pia Klemp ekintzaileari. Hartu dirua eta erabil ezazu Mediterraneoan bizitzak salbatzeko. Nola erreakziona dezake edozein pertsonak halako mezu bati? Txantxa bat dela pentsatu edo lanari ekin. Piak bigarrena aukeratu zuen eta emaitza azken egunetan ezagutu dugu: Louise Michel izena du salbamendu ontzi berriak.
2016ko abuztuaren 24an, goizeko laurak hogei gutxitan, Amatriceko eliza nagusiko kanpandorrearen erlojua geratu egin zen. Aste horretan udako festak ospatu behar zituen Lazioko udalerriak. Amatriciana pasta famatuaren jaia, alegia. Amatrice jendez beteta zegoen. Kanpoan bizi diren herritarrek eta turistek udaro bisitatzen zuten erdi aroko alde zahar pintoreskoa. Baina gau horretan dena aldatu zen.2016ko abuztuaren 24an, goizeko laurak hogei gutxitan, Amatriceko eliza nagusiko kanpandorrearen erlojua geratu egin zen. Aste horretan udako festak ospatu behar zituen Lazioko udalerriak. Amatriciana pasta famatuaren jaia, alegia. Amatrice jendez beteta zegoen. Kanpoan bizi diren herritarrek eta turistek udaro bisitatzen zuten erdi aroko alde zahar pintoreskoa. Baina gau horretan dena aldatu zen.
Paola Deffendi eta Claudio Regeni lur jota daude. Lau urte pasa dira haien seme Giulio Kairon hil zutenetik, eta uste dute orduz geroztik adarra jo dietela. Haien semea desagertu zen unetik, susmo txarra izan zuten Paolak eta Claudiok. Baina ez zuten imajinatzen egoerak hala amaituko zuenik Paola Deffendi eta Claudio Regeni lur jota daude. Lau urte pasa dira haien seme Giulio Kairon hil zutenetik, eta uste dute orduz geroztik adarra jo dietela. Haien semea desagertu zen unetik, susmo txarra izan zuten Paolak eta Claudiok. Baina ez zuten imajinatzen egoerak hala amaituko zuenik.
Luca Fuscok ez du ulertzen zer gertatu zen martxoko lehen egunetan. Bergamoko Val Seriana haraneko Alzano Lombardo eta Nembro udalerrietan, dena prest zegoen zona gorria izendatzeko eta eremua isolatzeko. Militarrak bidali zituzten errepideetan kontrolak ezartzera eta alkateek isolamenduaren gaineko protokoloak jaso zituzten. Baina Alzano Lombardoren eta Nembroren itxiera ez zen iritsi.
Ez dute aitzitiko itxura, ezta pandemiaren aurreko jende kopurua ere. Baina Erromako merkatu irekiak haien tokia aldarrikatzen hasi dira deseskalatze fasean. Campo dei Fiori plazan, ondo seinalatuta daude sarrerak eta irteerak. Luigik hamar urte daramatza merkatuan lan egiten. Egunotan kudeaketa lanak egiten ari da. Luigik mantra bat balitz bezala errepikatzen du erosketak modu seguruan egiteko ibilbideak ondo ezarrita daudela. Jendearen artean metro bateko distantzia mantendu beharra dago eta bezeroak egoera berrira ondo moldatzen direla uste du.
Italian ez dago haren komunikazio gaitasuna daukan politikaririk... Asteroko agerraldietan, ez du inolako lotsarik herritarrei errieta egiteko eta batzuetan haiek iraintzeko. Vincenzo De Luca, Campania eskualdeko gobernadorea, konfinamenduko fenomeno mediatikoa bilakatu da.
Castel Romano Erromatik 25 kilometrora dago, itsasoaren ondoan. Fabrizio De Andreren abesti batek dioen bezala, udaberrian mila mitxoleta gorriez beteriko zelaiez inguratuta dago. Castel Romano oso ezaguna da bertan kokatuta daudelako Cinecittà World jolas parkea, Designer Outlet luxuzko jantzien erosketa gunea eta Erromako ijitoen kanpalekurik handiena. Hirurak toki berean.
Erromako Romanina auzoaren ondoan, Europako zinema estudiorik garrantzitsuenak daude, alegia, Cinecittà estudioak. Italiako Hollywood izenarekin ere ezaguna da eremua. Bertan grabatu dira Ben Hur klasikoa eta Gangs of New York garaikidea. Bertan egin zituen Federico Fellinik bere filmik ikonikoenak.
Nembro eta Alzano Lombardoko herritarrak haserre daude. Ez dute ulertzen zer gertatu den. Ez dakite zergatik bilakatu diren koronabirusaren zulo beltza. Bergamoko probintziako bi udalerriek biztanleko Italiako hildako kopururik handiena zenbatzen dute, eta koronavirusaren dramaren irudirik gogorrenak utzi dizkigu, alegia, militarrak hilkutxak ateratzen, bertako kanposantuetan tokirik ez dagoelako.
Modu progresiboan eta asterik aste, mundu zabaleko milioika herritar halabeharrez ikasten ari dira itxialdiaren mandamentuak. Kalera ahalik eta gutxien atera, bakarrik beharrezkoa dena erosi, soilik osasun larrialdiengatik edo lan arrazoiengatik kotxea hartu. Baldintza horiek mantra antzeko bat bilakatu dira tokian tokiko agintarientzat. Italian bigarren astea bete dugu, eta, hau guztia amaitzen denean, psikologoen kontsultak topera egongo direlakoan nago. Izan ere, balkoietatik balkoietara, leihotik leihora bizilagunen gogo aldartea nola aldatzen ari den jabetzen ari gara.
Itsasoa nahiko bortitz dago gaur. Hondartzara ez dira olatuak iristen, baina haize handia dabil. Lesboseko Skala Sikaminiaseko portutik Turkiako kostara soilik 5 milia nautiko daude. Bizilagun turkiarrak aurrez-aurre ikusten dituzte Lesboseko herritarrek. Hango taberna batean Stratos Valamios arrantzalearekin topo egin dugu. Stratos egunero joaten da kafe bat hartzera eta inguruko gizon jubilatuekin hitz egitera. Baina gaur denbora gehiago dauka. Itsasoaren egoeraren ondorioz, ez da arrantza egitera atera. Eta horregatik ziur dago gaur ez direla Turkiatik errefuxiatuak iritsiko.
Hondeatzaileak dira Napoliko Scampia auzoan. Agintariek bertako eraikin sinbolikoenak botatzeko agindua eman dute. Belaontzi izena duten etxe erraldoiak. Irudi horiekin albistegiak ireki dituzte aste honetan Italian. Belaontziak Napoliko malavitta edo mafiaren erreinua izan dira hamarkada luzez, baina nazioartean ez ziren ezagun egin Matteo Garroneren Gomorra filmean agertu ziren arte.
Erroma erdigunetik pasiatzea amesgaiztoa da egun askotan. Fontana di Trevi oraindik okerragoa. Zenbat argazki aterako ote dizkiote? Zenbat traola izango ote ditu Instagramen? Posible balitz, askok hankak iturrian sartuko lituzteke, eta Dolce Vitaren Anita Ekberren eszena famatua kopiatu.